XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Tolosan utzi zuen trenak. Asto bat alokatu eta herrirako bidea hartu zuen.

Jaiotetxearen aurretik pasa zen. Ez zen gelditu famili diosala egitera. Zeregin inportanteagoa zuen. Familiak itxaron zezakeen.

Astotik jauzi egin zuen eta korrika ostatura zuzendu zen.

Atea zabaldu egin zuen. Hantxe zegoen bera, beti bezain ederra eta erreakzionatzeko astirik izan zezan aitzin,

-Nerekin ezkondu nahi al den? -bota zion.

Eta ezkondu egin ziren, Alkizako elizan abuztuko Andramariaren egunean.

Rastrojos desilusio txikia izan zen hasiera batean. Mapetan Buenos Airesko burokrata batek asmatutako herri mamua, deserria.

Lautada izugarrian kokatutako eremu latz eta gogorra. Zuhaitzik ere ez zegoen. Belardi amaigabea, haizearen eraginez kulunkatzen. Etxea egiteko zura urrutitik ekarri behar izan zuten.

Nekosoa izan zen bizia, Mikelarentzat batez ere, baina txintik ere ez zuen esan.

Ehunezko etxean bizitzen, egiazkoa eraikitzen zen bitartean.

Lagunik ez lur arrotzean. Mikelaren dotearekin erositako behi-taldexka lagun bakarra. Egunsentitik ilunabarrerainoko lanordu luzeak.

Antza, lurrak arrotz sentitzen zituen eta bizkarroiak gainetik kendu nahi zituela zirudien.

Txahal jaio berrien poztasuna. Udaberriko loreen uholde koloretsua. Ilunabarretako eguzki gorri lasaigarria. Eremu hark poztasun-uneak ere eskaintzen zituen.

Poliki-poliki aurrera egin zuten. Etxea eraiki egin zen. Hipotekak ordaindu egin ziren. Umeak, zortzi, jaio egin ziren.

Eta zuhaitzik gabeko eremu hartan aldatutako zuhaitzak erroak bota eta hazi egin ziren, baso trinkoa osatu arte. Erro sendoak gainera.

Demetrio bezain aberats edo gehiago da orain, baina ez da herrira iraileko andramarian itzuli zaldi dotorez.